XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Telebista, euskara eta euskararen irakaskuntza

Lehenengo eta behin esan behar dena zera da: TELEBISTA EZ DA HIZKUNTZAK IKASTEKO; BERAZ, EUSKAL TELEBISTA EZ DA EUSKARA IKASTEKO.

Eta hau onartzen ez duenak, - Nahiz eta abertzale amorratu, euskaltzale sutsu edo irakasle kementsu izan, hobe luke bere amorrazioak, suak eta kemenak beste nonbait erretzea.

- Nahiz eta euskara ikasteko izugarrizko grina eta adorea duen ikaslea izan, hobe luke edozein euskaltegitara jotzea.

Gurdi bakoitzak bere ildoa du eta ildo guztiek ez dute baserria helburu.

Telebista, lehenengo eta behin medioa da.

Telebistak, beste edozein komunikabidek bezala, entretenitu, informatu eta, ondorioz, hezi egin beharko luke.

Gainerakoak beste alor batetako zertzelada eta ipi-apak dira.

Baina telebista, komunikabide den aldetik, jakineko hizkuntza batez baliatzen da bere komunikazio-funtzio hori bete ahal izateko, eta zein hizkuntzaz baliatzea erabakitzen duen arabera.

- hizkuntza horretan entretenitu, informatu eta heziko du.

- hizkuntza horrek komunikazio-funtzioa beteko du.

- hizkuntza hori komunikabide bihurtuko du.

Beraz, bi mutur eta erdigune bat begi bistakoak dira.

Bi muturrak: - Nahiz eta hogeita lau orduak telebista aurrean egon, teleikusleak ez du aurpegiratzen zaion dena delako hizkuntza sekula santan ikasiko.

- Komunikazio-funtzioa betetzen ez duen hizkuntzak, goiz edo berandu, bereak egingo ditu.

Eta erdigunea: - Gizarte mailan iraun nahi duen hizkuntzak komunikabideetan, oro har, eta telebistan, batez ere, bere buruaren jabe agertu behar du.